XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ama-amonaren besoetan hazi den haurrak zuzen zuzenean entzun dituen kantuen bitartez, bestela lortuko ez lukeen zenbait balioren garapena lortzen du (entonaziorako, erritmorako, dantzarako,... gaitasuna), guzti hori, abesterakoan egiten diren gorputz mugimenduen, kantu monodiko edo polifonikoen, e.a.en bitartez lortu da.

Nabarmena da, guzti hau mantentzen den herrietako haurren musikarako ahalmena handiagoa dela.

Alderantziz, guzti hau gure inguruan galdua da, eta bertako haurrengan duen eragin ezkorra argi ikusten da.

Haur jolasak ez dira partehartzaileek abesturiko doinuen bidez egiten.

Iadanik ez dira erritmo, tinbre eta linea melodiko ezberdinak ezagutzen hasteko soinuzko jostailurik egiten.

Aldaketa hauekin batera, psikomotrizitatearen eta gorputz trebetasunaren garapenean, abesteko eran, materialen eta beren soinu ezaugarrien eta soinutresnen erabileraren ezagutzan galerak jasan dira.

Gazteek berriz, ez dute lehen bezala, beren festa eta bileratxotan abesten; orain, gehienetan, grabaturik dagoen musika entzutera mugatzen dira.

Berbera gertatzen da, besteak beste, lana (bai lanera joateko, itzultzeko edo egiteko, erritmoa markatzeko erabili izan diren kantu eta doinuak), urtaro (urtaro aldaketak ospatzeko festak, besteak beste udaberri-ihauteriak, uda-San Juan, udazkena-San Martin, negua-eguberriak), uzta (lurra esnarazteko, eguraldi egokia lortu ahal izateko, eta bestelako ekintzak), gizarteko gertaera ezberdin, e.a.-ekin lotua dagoen musikarekin.

Beraz, musika, pertsona eta gizartearekin zuzenean harremanetan zegoen.

Orain, bere bizitzan parte hartzen zuen musika, gutxi batzuek egiten duten musikaren kontsumoa aldatu da, bai familian, baita gizartean ere.

Ondorioz, forma musikalen aniztasuna egunetik egunera txikiagoa da eta komenigarria izango litzateke atzera begiratzea, lehen zegoena ezagutzeko.

Argi izan behar dugu ez direla egoera haiek berriro egokituko, baina, oraindik irauten duena mantentzen eta galdu denaren alderdirik baliagarrienak berreskuratzen saiatu beharko genuke.